Elikatze Jokabidearen Nahasteei buruzko Praktika Klinikoaren Gida

Gomendioak

Atal honetan, ahoulki batzuk eman nahi ditugu gidaren egiturari helduz. PKGren 1, 2 eta 3. kapituluek sarrera, irismen eta helburu eta metodologiari heltzen diote, hurrenez hurren. 4. kapituluak EJNei heltzen die eta 11. kapituluak, berriz, pronostikoari. Kapitulu horiek guztiak deskribapenekoak dira eta, ondorioz, ez dugu praktika klinikorako aholkurik adierazi. 5 kapitulua prebentzioari buruzkoa da eta gomendiorik ekartzen lehenengoa da. Amaieran, atal honetako laburduak daude.
Gomendio-maila: A, B, C or D, ebidentziaren kalitatea oso ona, ona, ertaina edo txarra izatearen arabera.
√ Praktika kliniko ona: lantaldearen adostasunez emandako gomendioa.

5. EJNen lehen mailako prebentzioa (5.1 galdera)

5.1. Eraginkortasun handiena agertu duten EJNren prebentzio-programen lagin-, formatu- eta diseinu-ezaugarriak etorkizuneko programen eredutzat jo beharko lirateke.
5.2. EJNak prebenitzeko estrategia unibertsalen diseinuan, kontuan hartu behar da horrelako arazorik gabeko haur eta nerabeen jokabidea eta jarrera aldatzeko aurreikuspenak arrisku altuko biztanleriarenaren desberdinak izan behar direla.
5.3. EJNtik zeharka babesteko ereduei buruzko mezuak igorri behar zaizkie familiari eta nerabeari: elikadura osasuntsua eta familiarekin egunean behin gutxienez otordu bat egitea, komunikazioa erraztea eta autoestimua hobetzea, familiako berriketak halabeharrez janariaz eta irudiaz izatea eragoztea eta umeen zein nerabeen gorputz, pisu edo jateko erari buruzko bromak eta gaitzespenak eragoztea.

arriba

6. EJN atzeman (6.1 galderak)

D 6.1. Baheketarako taldeetan, sartu beharko lirateke adinaren araberako erreferentzia-balioen aldean gorputz-masaren indize (GMI) txikiak dauzkaten gazteak; gehiegizko pisurik eduki gabe pisu-arazoengatik kontsulta egiten duten pertsonak edo gehiegizko pisudun pertsonak; hilekoaren nahastedun edo amenorreadun emakumeak; urdail-hesteetako sintomadun pazienteak; janik ezaren zantzuak edo gorako errepikakorrak dauzkaten pazienteak; hazkunde-atzerapen edo -gelditzea duten umeak; EJN izateko arriskuko kiroletan (atletismoa, dantza, igeriketa sinkronizatua etab.) diharduten umeak, nerabeak eta gazteak.
D 6.2. Nerbio-anorexian (NA), pisua eta GMI ez dira arrisku fisikoaren adierazle bakartzat jotzen.
D 6.3. Garrantzizkoa da pisu-galera duten pertsonak goiz identifikatu eta haiei buruz esku hartzea, desnutrizio-egoera larriak gertatu aurretik.
D 6.4. NA susmorik izanez gero, ebaluazio kliniko orokorrari arreta jarri beharko litzaioke (denboran errepikatua), pisu-galeraren erritmoa, umeen hazkunde-kurba, zantzu fisiko objektiboak eta laborategi-proba egokiak barnean direla.
6.5. Espainiako biztanleriarako galdera-sorta egokituak eta baliozkotuak erabiltzea aholkatzen dugu EJN kasuen identifikazioa egiteko (baheketa).
Ondorengo bitartekoak erabiltzea proposatzen dugu:
-EJN oro har: SCOFF (11 urtetik gora)
-NA: EAT-40, EAT-26 eta ChEAT (azken hau 8 eta 12 urte artean)
-Nerbio-bulimia (NB): BULIT, BULIT-R eta BITE (hirurak ere 12-13 urtetik aurrera)
6.6. Ezin bestekotzat jotzen da LMko medikuei heziketa egokia ematea, diagnostikoak albait lasterren egin ahal izateko eta, ondorioz, beharrezko duten EJN kasuak tratatu edo bideratzeko.
6.7. Haurretan eta nerabezaroan bisitak maiz egiten ez direnez, aholkatzen dugu arreta integrala eskaintzeko edozein aukera aprobetxatzea eta arrisku-ohiturak eta EJN kasuak atzematea. Hortz-azterketek EJN jasateko arrisku-jokabideak atzemateko balio dezakete, adibidez, edo gorako errepikakorrak.
6.8. EJN izatearen susmoa dugun paziente bat elkarrizketatzean, bereziki NA susmorik badugu, garrantzizkoa da gaixotasun-kontzientziaren falta, nahastea ukatzeko joera eta aldaketa-motibazio eskasa kontuan hartzea, eta hori are agerikoagoa da nahastearen bilakaera zenbat eta laburragoa izan.
6.9. Aholkatzekoa da arriskuko biztanleriarekin harremanetan dauden profesional-talde desberdinek (maisu-maistrak, irakasleak, ikastetxeko psikologoak, farmazialariak, nutrizionistak eta dietistak, gizarte-langileak etab.) prestakuntza egokia izatea eta EJN atzemateko eragile moduan jokatzea.

7. EJNak diagnostikatu (7.1 - 7.3 galderak)

7.1. OMEren (CIE-10) eta APAren (DSM-IV edo DSM-IV-TR) diagnostiko-irizpideak jarraitzea aholkatzen dugu.
D 7.2.1. Osasunaren profesionalek ezagutu beharko lituzkete EJNk jotako asko bi iritzikoak direla tratamenduari buruz, proposatzen zaizkien eskaera eta erronken ondorioz.
D 7.2.2. Informazioa eta heziketa eman beharko litzaieke EJNen izaera, bilakaera eta tratamenduari buruz eraginpeko pertsonei eta, egokia denean, zaintzaileei.
D 7.2.3. Familia eta pertsona zaintzaileei EJNri lotutako laguntza-elkarteak eta -taldeak daudela jakinarazi beharko litzaieke.
7.2.4. EJNren diagnostikoan anamnesia, gorputz- eta psikopatologia-miaketa eta miaketa osagarriak egitea gomendatzen dugu.
7.2.5. Egiaztapen diagnostikoa eta terapiarako inplikazioak psikiatra eta psikologia klinikoen ardurapean egon beharko lirateke.

arriba

8. Arreta-maila desberdinen jarduketak (8.1 - 8.4 galderak)

D 8.1. NAk jotako pertsonak asistentzia-maila egokian tratatu beharko lirateke irizpide klinikoen arabera: anbulatorioa, eguneko ospitalea (ospitalizazio partziala) eta ospitale orokorra edo psikiatrikoa (erabateko ospitalizazioa).
D 8.2. EJNei buruzko esperientzia espezializaturik gabe edo ziurgabetasun-egoeretan dauden osasunaren profesionalek espezialista prestatu baten aholkularitza bilatu behar dute NA daukan pertsona baten presako ospitalizazio osoa planteatzen dutenean.
D 8.3. NB daukaten pertsona gehienak anbulatorio-mailan trata daitezke. Ospitalizazio osoa egokia da suizidio-arriskua, autolesioak eta konplikazio fisiko larriak daudenean.
D 8.4. Osasunaren profesionalek EJNk eta osteoporosiak jotako pertsonak ebaluatu beharko lituzkete, eta aholkua eman haustura-arriskua nabarmen areagotzen duen gorputz-jarduerarik ez egiteko.
D 8.5. Familiako pediatrak eta medikuak EJN daukaten umeak eta nerabeak gainbegiratu beharko lituzkete. Arretaz jarraitu beharko lituzkete haien hazkundea eta garapena.
D 8.6. NA kronikoa eta terapia-porrot errepikatuak eduki eta osasun mentaleko zerbitzuen arreta nahi ez duten pertsonei lehen mailako arretako zentroetan konplikazio fisikoen gainbegirapena eta kontrola eskaini beharko litzaieke.
D 8.7. Senitartekoak eta bereziki eraginpeko pertsonen anaia-arrebak EJNk jotako umeen eta nerabeen banakako tratamenduko planean egon beharko lirateke. Interbentzio ohikoenak dira informazioa trukatzea, EJNri lotutako jokabideei buruz aholkatzea eta komunikazio-trebetasunak hobetzea. Eraginpeko pertsonek familia-interbentzioaren bidez aldaketa-motibazioa izatea sustatu beharko litzateke.
D 8.8. Erabateko ospitalizazioa behar denean, pazientearen helbidetik arrazoizko distantzian egon beharko litzateke familia eta zaintzaileak tratamenduan inplika daitezen, gizarte- eta lan-loturei eustearren eta asistentzia-mailen arteko zailtasunak eragoztearren. Hori bereziki garrantzitsua da haur eta nerabeen tratamenduan.
D 8.9. NA daukaten eta tratamendu anbulatorioaz nahastea hobetu ez zaien pertsonak eguneko ospitalera edo erabateko ospitalizaziora bideratu behar dira. Suizidio edo autolesio larrien arrisku garrantzitsua daukatenentzat, erabateko ospitalizazioa da egokia.
D 8.10. NAren konplikazio fisikoen edo gaixotasun arrunten arrisku altu edo moderatua daukaten NAk jotako pertsonentzat erabateko ospitalizazioko tratamendua aztertu beharko litzateke.
D 8.11. Erabateko ospitalizazioa eskatzen duten NAk jotako pertsonak birnutrizio egokia eta bereziki lehenengo egunetan gainbegirapen fisiko arretatsua bermatzeko zentro batean ingresatu beharko lirateke, eta berrelikatze-sindromea eragotzi, dagokion interbentzio psikologikoarekin batera.
D 8.12. Familiako medikuak eta pediatrak lehen mailako arretara doazen EJNk jotakoen ebaluazioaren eta hasierako interbentzioaren ardura hartu beharko lukete.
D 8.13. Arreta lehen mailako arretaren eta espezializatuaren artean partekatzen denean, lankidetza estua egon beharko litzateke osasunaren profesionalen, pazientearen eta familia eta zaintzaileen artean.
8.14. EJN diagnostiko egiaztatuko edo EJN susmo garbiko pertsonak irizpide klinikoen eta adinekoen arabera bideratu behar dira asistentzia-baliabide desberdinetara.
8.15. Familiako medikuak edo pediatrak Helduen OMZ/Haur eta Gazteen OMZera bideratzea erantzukizun partekatuko asistentzia integratua izan beharko litzateke.
8.16. Helduen OMZ/Haur eta Gazteen OMZetara bideratutako kasuetan, epe labur eta erdira eraginpeko pertsonen loturari eta gainbegirapenari eutsi behar zaio, konplikaziorik, berriro erortzea eta nahaste emozionalik agertzea eragozteko eta gaixotasunari eragin diezaioketen inguruneko aldaketak atzemateko.
8.17. NAk jotako emakumezko ume eta nerabeetan, osteoporosirik ez agertzeko tratamendu estrogenikoa agintzearen premia arretaz begiratu behar da; izan ere, medikazio horrek amenorrea izatea ezkuta dezake.
8.18. Haurtzaroan, EJN tratatzeko adin horietarako programa bereziak behar dira.
arriba

9. EJNak tratatu (9.1 - 9.20 galderak)

Neurri medikoak (birnutrizioa eta nutrizio-aholkuak)
Birnutrizioa (9.1 galdera)
Nerbio-anorexia
D 9.1.1.1. Gorputz-pisua berreskuratzeko etapan dauden NAk jotako pertsonentzat, gorputz-azterketa aholkatzen dugu eta, kasu batzuetan, bitamina anitz edo gehigarri mineral bidezko ahotiko tratamendua, nola erregimen anbulatorioan hala ospitalizazioan.
D 9.1.1.2. Elikadura parenteral osoa ez litzateke erabili behar NAk jotako pertsonetan, salbu eta pazienteak zunda nasogastrikoa baztertzen duenean edo urdail-hesteetako disfuntziorik jasaten badu.
9.1.1.3. Birnutrizio enterala edo parenterala irizpide mediku zorrotzen bidez baino ezin da aplikatu, eta pazienteak ahozko elikadurari berriro ekin diezaiokeen arte irauten du.
EJNen neurri medikoei (GM) buruzko aholku orokorrak (9.1 - 9.2 galderak)
EJN
9.GM.01. EJNren eraginpeko pertsonentzako nutrizio-euskarria pazientearen malnutrizio- eta lankidetza-mailaren arabera aukeratzen da, betiere mediku psikiatrarekin adostuta.
9.GM.02. Nutrizio artifizialari heldu aurretik, pertsona gaixoaren lankidetza-maila ebaluatu behar dugu, eta beti elikadura naturalaren onurei buruz konbentzitzen saiatu.
9.GM.03. Eguneko ospitalean, ahozko dieta nahikoa ez duten pisu gutxiko pazienteetan, nutrizio-euskarriari nutrizio artifiziala (ahozko nutrizio enteral motakoa) gehi dakioke. Eguneko ospitalearen ordutegian eman behar da hartzen duela segurtatzeko; hartara, 300 eta 1.000 kcal/egun artean dabilen energia osagarria irabazi behar du.
9.GM.04. EJNren eraginpeko pertsona ospitaleratuen ahozko nutrizio-euskarria egokitzat jotzen da (bilakaera onuragarria) astean 0,5 kg-tik gora irabazten dutenean; ohikoa izaten da ere epe horretan 1 kg-raino hartzea. Batzuetan, malnutrizio moderatuko pazienteek ohi bezalako elikatzea berrekiteari gogor egiten diote; orduan, dieta 500-700 kcal murritz daiteke, eta ahozko nutrizio enteral osagarria kantitate berean gehitu, otorduen ondoren eman beharrekoa, eta ez otorduen ordez.
9.GM.05. Pazienteak malnutrizio larria, janik eza, bilakaera gaiztoa edo elikatzeko batere lankidetzarik ez agertuz gero, egokia izango da nutrizio artifizial bidezko tratamendua. Lehenago, ahal dela, ahozko dieta hasten da beti ahozko nutrizio enteralari lotuta edo ez, eta 3-6 egun artean itxaron behar dira lankidetza-maila eta bilakaera mediko-nutrizionala ebaluatzeko.
9.GM.06. Aurreikusitako energia-premiei buruz, aholkatzen dugu beti hasierako beharrizan kalorikoak ohikoetatik behera jartzea eta, horiek aurreikusteko, pisu erreala erabiltzea, pisu egokiena baino, eta malnutrizioa larria bada, energia-beharrizanak pisu errealeko 25-30 kcal/kg izatea edo, kantitate osotan, 1.000 kcal/egun baino txikiagoak.
Nerbio-anorexia
D 9.GM.1. NA daukaten umeei eta nerabeei zuzendutako elikatze-arauetan, zaintzaileek dietari buruzko informazioa, heziketa eta plangintza sartu beharko lukete.
D 9.GM.2. Elikadura behartua azken bitartekoa izan behar da NA daukaten pertsonetan.
D 9.GM.3. Elikadura behartua EJNen tratamenduan eta horien konplikazio klinikoetan adituak diren profesionalek egin beharreko interbentzioa da.
D 9.GM.4. Paziente bat behartuta elikatzea erabakitzen denean, lege-baldintzak ezagutu eta bete behar dira.
D 9.GM.5. Osasunaren profesionalak kontuz aritu behar dira NA daukaten umeek eta nerabeek pisu osasungarria berreskuratu bitartean, dieta egokiaren bidez beharrezko elikagaiak zein energia emanez eta, hartara, haien hazkunde eta garapen normala sustatuz.
Nerbio-bulimia
D 9.GM.6. Maiz oka egin eta libragarriak gehiegi erabiltzen dituzten pertsonak oreka elektrolitikoaren alterazioak izan ditzakete.
D 9.GM.7. Desoreka elektrolitiko bat atzematen denean, kasu gehienetan nahikoa da eragin zuen jokabidea ezabatzea. Kasu-kopuru urri batean, berriz, maila plasmatiko urriko elektrolitoak ahoz eman behar zaizkio pazienteari, maila berreskura dezan, salbu eta urdail-hesteetako xurgapen-arazoak daudenean.
D 9.GM.8. Libragarri gehiegi hartuz gero, NBko pertsonek kontsumoa murriztu eta eteteko aholkua jaso behar dute, kontsumoa pixkanaka gutxitu behar da, eta jakinarazi behar zaie ere libragarri-erabilerak ez duela elikagai-xurgapena murrizten.
D 9.GM.9. Oka maiz egiten duten pertsonek sarritan egin behar dituzte hortz-azterketak, eta hortz-higieneari buruzko aholkuak jaso.
EJNen terapia psikologikoak
Ezagutza-jokabideko terapia (9.3 galdera)
Nerbio-bulimia
A 9.3.2.1.1. Ezagutza Jokabideko Terapia - NB (TCC-BN) EJTren forma egokitu bat da eta 16-20 saiotan egitea aholkatzen da, tratamenduko lauzpabost hilabeteko iraupenaz.
B 9.3.2.1.2. NB eduki eta EJT bidezko tratamenduari erantzun ez dioten edo egin nahi ez duten pertsonei beste tratamendu psikologiko bat eskain dakieke.
D 9.3.2.1.3. NB daukaten nerabeak haien adinari, garapen-mailari egokitutako EJTz trata ditzakegu eta, egokia bada, familiaren interbentzioa gehi dezakegu.
Tripakaden ondoriozko nahastea
A 9.3.3.1. Tripakaden ondoriozko nahastea daukaten pertsona helduei bereziki egokitutako EJN eskain dakieke.
Autolaguntza (gidatua edo ez; 9.4 galdera)
Nerbio-bulimia
B 9.4.1.1.1. NBn tratamendu bat hasteko modu bat Autolaguntza programa bati (gidatua edo ez) ekitea jotzen da.
B 9.4.1.1.2. Autolaguntza (gidatua edo ez) NB daukaten pertsona-kopuru mugatu batean soilik da nahikoa.
Pertsona arteko terapia (9.5 galdera)
Nerbio-bulimia
B 9.5.2.1. Pertsona Arteko Terapia (PAT) EJTrako alternatibatzat jo dezakegu, baina komeni da eraginpeko pertsonei jakinaraztea egiteak 8-12 hilabete arteko epea eskatzen duela EJTren antzeko emaitzak lortuko baditugu.
Tripakaden ondoriozko nahastea
B 9.5.3.1. PAT - Tripakaden Ondoriozko Nahastea nahaste hau iraunkorki duten pertsonei eskain dakieke.
Familia-terapia (sistemikoa edo ez; 9.6 galdera)
Nerbio-anorexia
B 9.6.1.1.1. Familia Terapia (FT) NAk jotako ume eta nerabeetan da egokia.
D 9.6.1.1.2. NA daukaten umeen senitartekoak eta NA daukaten nerabeen anaia-arrebak eta senitartekoak tratamenduan sar daitezke komunikazioaren hobekuntzan parte hartuz, jokabideko tratamenduan lagunduz eta terapiari buruzko informazioa adieraziz.
D 9.6.1.1.3. NA daukaten umeek eta nerabeek bilerak izan ditzakete bakarka osasunaren profesionalekin, hauexek familiarekin dauzkatenez apartekoak.
D 9.6.1.1.4. NAren eraginpeko pertsonen anaia-arreben eta beste senitartekoen tratamenduko inplikazioa justifikatuta dago, haiei dakarzkien ondorioak direla eta.
EJNen terapia psikologikoari (GP) buruzko aholku orokorrak (9.3 - 9.8 galderak)
Nerbio-anorexia
D 9.GP.1. NArako baloratu beharreko terapia psikologikoak dira: EJT, Familia Terapia, PAT, TPD delakoa eta Jokabideko Terapia.
D 9.GP.2. Zainketa bereziak behar dituzten eraginpeko pertsonetan, are garrantzizkoagoa da eskaintzen zaien tratamendu psikologikoko eredua aukeratzea.
D 9.GP.3. Tratamendu psikologikoaren helburua arriskua murriztea dela jotzen da, elikadura osasungarri baten bidez pisua handitzea, EJNri lotutako beste sintoma batzuk murriztea eta berreskurapen fisiko eta psikologikoa erraztea.
D 9.GP.4. NA daukaten pertsonen tratamendu psikologiko gehienak era anbulatorioan egin daitezke (gorputz-miaketako kontrolaz) EJNko profesional adituen ardurapean.
D 9.GP.5. Tratamendu psikologikoaren iraupena 6 hilabete izan behar da gutxienez era anbulatorioan egiten denean (kontroleko gorputz-miaketaz) eta 12 hilabetekoa ospitaleratuta dauden pazienteetan.
D 9.GP.6. Terapia psikologiko anbulatorioaz tratatu eta onbiderik agertzen ez duten edo txarrera egiten duten NAk jotako pertsonetan, tratamendu intentsiboagoak egitea aztertu behar da (familiarekin konbinatutako terapia, ospitalizazio partziala edo osoa).
D 9.GP.7. NA daukaten ospitaleratutako pertsonentzat, komeni da tratamendu-programa bat ezartzea sintomak kentzeko eta pisu normala hartzeko. Garrantzizkoa da birnutrizioan gorputz-kontrol egokia izatea.
D 9.GP.8. Tratamendu psikologikoak jokabide-jarrerak (pisuari zein gorputz-irudiari eta pisua hartzeko beldurrari lotutakoak) alderatzera bideratu behar dira.
D 9.GP.9. NA daukaten pertsona ospitaleratuetan, ez da komeni jokabidea eraldatzeko programa oso zorrotzak erabiltzea.
D 9.GP.10. Ospitale-altaren ondoren, NA daukaten pertsonek pisu normalaren berreskurapena gainbegiratzea eta elikatze-jokabidera, pisu eta siluetari buruzko jarreretara eta, pisua areagotuz gero, gizarte-erantzunaren beldurra izatera bideratutako interbentzio psikologikoa biltzen dituen arreta anbulatorioa jaso beharko lukete, maiztasunez kontrol fisiko eta psikologikoak egitearekin batera. Kontrol horren iraupena 12 hilabete izan behar da gutxienez.
D 9.GP.11. NA eduki, ospitaleratzea behar eta pisua berehala berreskuratu behar duten umeetan eta nerabeetan, kontuan hartu behar dira adinari dagozkion heziketa- eta gizarte-beharrizanak.
Tripakaden ondoriozko nahastea
A 9.GP.12. Eraginpeko pertsonei jakinarazi behar zaie tratamendu psikologiko guztiek era mugatuan eragiten diotela gorputz-pisuari.
B 9.GP.13. Tripakaden ondoriozko nahastea (TON) daukaten pertsonen tratamendua hasteko modu bat Autolaguntza programa bat (gidatua edo ez) jarraitzera animatzea da.
B 9.GP.14. Profesional sanitarioek TONak jotako pertsonei emaitza onak eman diezazkieketen Autolaguntza programak (gidatuak edo ez) eskaintzea azter dezakete. Hala ere, tratamendu hori TON daukaten pertsonen kopuru mugatu batean baizik ez da eraginkorra.
D 9.GP.15. Elikatze Jokabidearen Nahaste Zehaztugabeak (EJNAZEG) edo TON daukaten pertsonen arreta gidatzen duen ebidentziarik gabe, profesional sanitarioei aholkatzen diegu pertsona horri eragiten dion EJNren antzekoena den elikatze-nahasteko tratamendua jarraitzea.
D 9.GP.16. TON daukaten pertsonei tratamendu psikologikoak egiten zaizkienean, gogoan izan behar da kasu batzuetan premiazkoa izan daitekeela obesitate komorbidoa tratatzea.
D 9.GP.17. Nerabeen EJNetan, haien garapen-etapari egokitutako tratamendu psikologikoak eskaini behar zaizkie.
EJNen tratamendu farmakologikoa
Antidepresiboak (9.9 galdera)
Nerbio-bulimia
B 9.9.2.1.1. Eraginpeko pertsonei jakinarazi behar zaie antidepresibo bidezko tratamenduak tripakaden eta purgen maiztasuna murritz dezakeela baina ez duela ondoriorik berehala.
B 9.9.2.1.2. NBren tratamenduan ez dugu aholkatzen beste tratamendu farmakologikorik, antidepresiboak ez bada.
D 9.9.2.1.3. NB daukaten pertsonetan, fluoxetina-dosiak handiagoak dira depresio-tratamendurako baino (60 mg/egun).
D 9.9.2.1.4. ISRS antidepresiboen artean, fluoxetina da lehenengo aukerako farmakoa NB tratatzeko, onargarritasunaren, tolerantziaren zein sintoma-murrizpenaren aldetik.
Tripakaden ondoriozko nahastea
B 9.9.3.1.1. TON daukaten pazienteei, Autolaguntza gidatuko programa bat jarraitu edo ez, ISRS taldeko antidepresibo baten tratamendua proposa dakieke.
B 9.9.3.1.2. Eraginpeko pertsonei jakinarazi behar zaie ISRS antidepresibo bidezko tratamenduak tripakaden maiztasuna murritz dezakeela baina ez dela ezagutzen epe luzeko bere eragina. Antidepresibo bidezko tratamendua onuragarria izan daiteke eraginpeko pertsona-kopuru mugatu batentzat.
EJNen tratamendu farmakologikoari (GF) buruzko aholku orokorrak (9.9 - 9.15 galderak)
Nerbio-anorexia
D 9.GF.1. Ez dugu aholkatzen tratamendu farmakologikoa NAk jotako pertsonen tratamendu nagusi bakarra izatea.
D 9.GF.2. Zuhurrak izan behar gara komorbilitateak (adibidez, nahaste obsesibo-konpultsiboa edo depresioa) dauzkaten NAk jotako pertsonei tratamendu farmakologiko bat agintzean.
D 9.GF.3. NA daukaten pertsonen bihotz-konplikazioak gertatzeko arriskuak direla eta, bihotzaren funtzioari eragin diezaioketen farmakoak agintzea saihestu behar da.
D 9.GF.4. Bihotz-hodien kontrako ondorioak eragiten dituzten farmakoak ematen badira, eraginpeko pertsonen ikuskapena elektrokardiograma bidez egin behar da.
D 9.GF.5. NA daukaten pertsona guztiei tratamendu farmakologikoek eragin diezazkieketen kontrako ondorioei buruz ohartarazi behar zaie.
Tripakaden ondoriozko nahastea
D 9.GF.6. TONaren tratamendua gidatzeko ebidentziarik ez dagoenez, aholkatzen diegu klinikoei pazientea elikatze-problemaren antzekoena den EJNrekin tratatzea, NB edo TONerako gidak kontsultatuz.
EJNak tratatu komorbilitateak daudenean (9.18 galdera)
EJNdun nahaste organikoak
D 9.18.1. Pertsonek mellitus diabetesa dutenean, EJNko kasu klinikoen eta azpiklinikoen tratamendua ezin bestekoa da, talde horrek arrisku handiagoa baitauka.
D 9.18.2. 1 motako mellitus diabestesak eta EJNk jotako pertsonak ikuskatu behar dira, arrisku handia baitaukate erretinopatia eta beste konplikazio batzuk izateko.
D 9.18.3. 1 motako mellitus diabetesa daukaten eta diabetesaren kontrako tratamenduari gaizki atxikitako pertsona gazteetan, EJN bat egotearen aukera ikertu behar da.
EJN kronikoak tratatu (9.19 galdera)
9.19.1. EJNko kasu kronikoei buruzko arretaren profesional sanitario arduradunak sendatzeko aukeraren berri eman behar dio eraginpeko pertsonari, eta espezialistaren kontsultategira maiztasunez joatea komeni dela jakinarazi, zenbat urte joan diren eta aurreko terapia-porrotak gorabehera.
9.19.2. Beharrezkoa da epe luzeko tratamenduak emateko eta EJNko kasu kronikoen bilakaera jarraitzeko gai diren asistentzia-baliabideak eskueran izatea, baita etorkizunean ezintasunak murrizteko gizarte-laguntza izatea ere.
EJNak tratatu kasu berezietan (9.20 galdera)
D 9.20.1. NA daukaten paziente haurdunek, nahaste hori gertakari berria izan edo errepikatua, jaiotza-aurreko arreta trinkoa behar dute, nutrizio egokiaz eta umekiaren garapenaren kontrolaz.
D 9.20.2. EJN daukaten emakume haurdunek kontrol arretatsua behar dute haurdunaldian eta erditze ondoko aldian.

arriba

10. EJNak ebaluatu (10.1 - 10.2 galderak)

D 10.1.1. EJNk jotako pertsonen ebaluazioa zorrotza izan beharko litzateke eta hainbat alderdiri erreparatu: fisikoak, psikologikoak eta gizartekoak; halaber, arrisku pertsonala ere osoki ebaluatu beharko litzateke.
D 10.1.2. Terapia-prozesuak EJN daukaten pertsonen osasun mental eta fisikorako arrisku-maila eraldatzen du eta, beraz, tratamenduak iraun bitartean ebaluatu beharko litzateke.
D 10.1.3. Tratamendu osoan, EJN daukaten umeak eta nerabeak ebaluatzen dituzten profesional sanitarioek abusu-zantzuei (emozional, fisiko eta sexual) arreta jarri behar diete, horiei luze gabe aurre egiteko.
D 10.1.4. EJN daukaten ume eta nerabeekin lan egiten duten profesional sanitarioek estatuko Praktika Klinikoaren Gida ezagutu beharko lukete, baita isilpekotasunaren gaiari buruzko legedia ere.
10.1.5. Espainiako biztanleriarako galdera-sorta egokituak eta baliozkotuak erabiltzea aholkatzen dugu EJN kasuak ebaluatzeko. Une honetan, EJNrako ondorengo bitarteko bereziak erabiltzea proposatzen dugu: EAT, EDI, BULIT, BITE, SCOFF, ACTA eta ABOS (hautatu bertsioa adinaren eta aplikazioko beste baldintza batzuen arabera). EJNri lotutako alderdiak ebaluatzeko, ondorengo galdera-sortak erabiltzea proposatzen dugu: BSQ, BIA, BAT, BES eta CIMEC (hautatu bertsioa adinaren eta aplikazioko beste baldintza batzuen arabera).
10.2. Espainiako biztanleriarako galdera-sorta egokituak eta baliozkotuak erabiltzea aholkatzen dugu EJN kasuen ebaluazio psikopatologikoa egiteko. Une honetan, proposatzen dugu EJNen ebaluazio psikopatologikorako ondorengo bitartekoak erabiltzea (hautatu bertsioa adinaren eta aplikazioko beste baldintza batzuen arabera):
-Oldarkortasuna: BIS-11
-Antsietatea: STAI, HARS, CETA
-Depresioa: BDI, HAM-D, CDI
-Nortasuna: MCMI-III, MACI, TCI-R, IPDE
-Obsesio-joera: Y-BOCS

11. EJNen pronostikoa (aholkurik gabeko kapitulua)


arriba

12. EJNren eraginpeko pertsonei buruzko lege-alderdiak Espainian (12.1 - 12.2 galderak )

12.1. Profesionalak pazientearen osasunari eutsi beharra egoki ikusten duenean, lege-bidea (zuzenbidea) erabiltzea aholkatzen dugu, betiere entzuna izateko eta aplikatuko diren neurri mediko eta juridikoez zein prozesuaz behar bezala informatua izateko pazientearen eskubidea gordez. Prozedurari buruzko informazio ona emateak, informazio-eskubideari lotzeaz gain, gaixoaren eta bere ingurunearen lankidetza eta motibazioa erraz dezake erabateko ospitalizazioko prozeduran (indarrean den legediaren arabera).
12.2. EJNen ohiko sintoma bat, bereziki NAn, gaixotasunaz ez jabetzea da. Gaixotasunak berak baliozko eta akats gabeko baimen bat emateko behar zentzutasunaren falta eragiten du tratamendua onartzeari eta aukeratzeari buruz. Horrenbestez, tratamendua onartzen ez duen NAk jotako adingabe heldu baten osasunerako arrisku larririk izanez gero, ezarritako lege- eta zuzenbide-ildoak erabili behar dira bereziki (indarrean den legediaren arabera).
12.3. Elkarrekin ezbaian diren eskubideen arteko behar oreka erdiesteko, medikuak kasu bakoitzerako konponbide onena aztertu eta interpretatu behar du. Dena den, beti da garrantzizkoa bi alderdiak informatu eta entzutea osasunari eustearen eta medikuak hartutako erabakiaren arteko erlazioa uler dezaten (indarrean den legediaren arabera).

Última actualización: abril 2009

Logo del Ministerio de Sanidad y ConsumoLogo del Plan de Calidad del Sistema Nacional de SaludAgència d’Avaluació de Tecnologia i Recerca Mèdiques de Cataluña

Copyright (Cast.) | Ayuda (Cast.) | Mapa (Cast.)